SU TA GAR

Su ta Gar 1987an Eibarren sorturiko Heavy Metal musika taldea da.
Aitor Gorosabel, Asier Osoro, Xabier Bastida eta Borxa Arrillaga dira taldearen sortzaileak.

BIOGRAFIA - GEHIAGO IKUSI

Lehen kontzertua 1988ko abuztuaren 14an eman zuten Ondarroako gaztetxean eta lehen grabaketa 1989an izan zen. Maketa honek arrakasta handia izan zuenez bigarren proiektu bati ekin zioten, gaur egun arte beste hainbat lan grabatuz.

Bigarren maketa honek Su Ta Gar-en lehen diskoa ateratzea ahalbidetu zuen Euskadi Gazteako 1. maketa lehikaeta irabazi zutelarik. 1991an lehen diska Jaiotze basatia argitaratu zuten eta Euskal Herriaz gain, Austria, Suiza eta Alemanian aurkeztu zuten.

1992an, taldeak Esan Ozenki disketxea aukeratu zuen bigarren diskoa kaleratzeko. Hortzak Estuturik izenarekin 3.diskan heavy-a, thrash eta metal estiloarekin nahasi zuten, bizkortasuna, gogortasuna eta aldi berean kantu melodikoak eginez. Lan honek taldea sendo ezagutarazi zuen Euskal Herrian zehar. 1993an taldeak bira bat egin zuen Europan zehar, E.H Sukarrarekin batera. Biraren azken kontzertua Eibarren eman eta More Volumen Tour – Su Ta Gar Zuzenean izenarekin kaleratu zuten VHS formatodun bideoa.

Urte honen irailean berriro estudioan sartu eta Munstro Hilak izeneko 3. lana kaleratu zuten. Disko horretan eboluzioa nabarmena da, erritmoak astunagoak dira, Metallica edota Panteraren influentziak argi uzten eta nortasun indarra galdu gabe. Bitxikeria bezala esan behar da “Hortzak Estuturik” eta “Munstro Hilak” lanetan, nabaria dela Aitorren ahotsean aldaketa bat dagoela. Bere ahotsa orain grabeagoa da, lehen tinbrea agudoagoa zelarik.

1995ean Borxak istripua larria eduki zuen taldea utzi behar izan zuen, behintzat eszenatokitik. Beraz Galder, Borxaren anaia gaztea hasi zen bateri jotzaile lanetan.

Horrela 1996eko maiatzean Sentimenak Jarraituz izeneko 4.diskoa kaleratu zuten. Hamalau kantuko lan honekin batera, lehenengo aldiz, bideoklip bat aterako zuten, diskoari izena ematen dion abestiarekin. Bideoklipak hainbat sari jaso zituen. Musikaren aldetik, “Sentimenak jarraituz” nahiko disko zabala da Rock esparruan, non, bitxikeria gisa, “Errepide hontan galdurik” izeneko Ska abesti bat sartzen duen taldeak.

Lan hau Frantzia eta Espainia aldean aurkeztu ondoren, berriro bateria jole aldaketa egongo da. Orain Iban Zugarramurdik hartuko du baketen ardura. Bateri jole hau, Baldin Bada edota Maixa eta Ixiar taldeetan aritutakoa zen, besteak beste.

1997ko iraila eta urria bitartean Agur jauna gizon txuriari 5.lana kaleratu zuten. Disko honetan thrash metal indartsu eta pisutsua jorratuko zuten gehienbat. Soinu geldoagoa lehenengo diskoekin konparaturik, eta Aitorren ahotsa garratzagoa eta urratuagoa agertzen da. Urte hartako azaroan “Etsaiak” taldearekin batera diskoa Kuban aurkeztu eta abenduan Euskal Herrian aurkeztu zuten.

1998an taldeak Herri Mugimenduaren “Abialdia” rako abestia egin zuen “Abian” izenarekin.

1999ko ekainean jarraitzaileek eskatuta beraien bi maketak berrargitaratu zituzten Su ta gar 1987-1989 izenburupean Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik. CDak kartoizko kutxa darama taldekideen argazki eta PCetarako egokitutako bideo batekin. Bideoa “Jo ta ke” abestiarena da.

Urte bereko uztaila eta iraila bitartean estudioan sartu ziren disko berria grabatzeko asmoz. Azaroaren 8an Gor diskoetxearekin batera Homo_Sapiens? izeneko estudioko 6.lana atera zuten. Lan honetan lehenengo diskoetako freskotasuna berreskuratzen dute, neurri batean, thrash metalarekin nahastuta baina “Agur Jauna gizon txuriari” baino pixka bat azkarrago eta melodikoagoa.

“Homo_Sapiens?” diskak salmenta kopurua handituko zuen, eta askorentzat beraien diskarik onenetariko bat da. Zuzenean aurkezteko argi muntaia berezia erabili zuten, horregatik soilik Euskal Herrian aurkezpenak egingo zituzten. Beraien erakustaldia argitaratzeko asmoz, Iholdi Iparraldeko herrian, 2000ko apirilaren 1ean, bideoa grabatu eta “Homo Sapiens Tour 2000” izenarekin argitaratu zuten. Hau diskoetxe berberarekin atera zuten. Zinta honetan azken hiru disketako 14 kanta bilduko zituzten, gehigarri gisa maketako “Basamortuetako zalduna” kantua ere sartuko zutelarik.

2000aren bukaeran eta 2001aren hasieran lau kontzertu grabatu ostean, zuzeneko diska bikoitza prestatu eta 2001eko apirilean atera zuten, Jo Ta Ke izenarekin. Oso diska arrakastatsua izan zen eta toki askotan aurkeztuko dute, jendetza handia bilduz. Diska honetan aurreko sei disketako abesti batzuetatik aparte iparraldeko Gaur olerkiak, bihar presoak bilduman argitaratutako “Eromena” izeneko abestia ere sartu zuten . Gainera La Polla Recordsen “No somos nada” abestiaren bertsioa ere sartu zuten oroigarri gisa. “Jo Ta Ke” aurkezpen bira hasi bezain laster, Iban Zugarramurdik baketak utzi eta bere lekuan Galder Arrillaga sartuko da berriro taldean. Borxaren anaiak gaur arte dihardu taldean.

2002an Su Ta Gar-ek “Gaztea” izeneko abestia argitaratu zuen LP gisa Euskal Herriko Gazte Mugiemenduaren egoera zela eta. Hainbat kontzertu egin ondoren, 2003ko apirilean Itsasoz beteriko mugetan 12 abestiko estudioko zazpigarren lana atera zuten. Lan honetan musika gogorra zein lasaiagoa egingo dute. “Agur Jauna gizon txuriari” eta “Homo_sapiens?” diskako Thrash Metal doinua pixka bat leunduko dute, eta heavy klasikoa zein hard rock-a landuko dute, balada hunkigarri eta toke modernoekin. Aipatzekoa da azken orduan sartu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren “Zu zara Egunkaria” izeneko omenezko kantua. Bossannova landuz beraien estilotik urrun dagoena, baina komunikabide honen itxiera dela eta prestatu zuena Aitorrek 1993ko ekitaldi baterako.

Aurkezpen kontzertu batzuk bertan behera gelditu ziren Aitorren eztarriko ebakuntza bat zela medio. Bestalde Asociación de Víctimas del Terrorismo Espainiako erakundeak, taldearen hitzetan terrorismoari apologia interpretatuko du eta kontzertu batzuen bertan behera geratzea lortuko zuen. 2004-an Iker Trebiño klip ekoizlearekin, “Bizitzaren Borroka” abestiaren inguruko bideo klip-a grabatu zuten. Diska berria atera baino lehen hiru urte egon ziren emanaldiak eskaintzen. Azpimarratzekoa da 2005eko Gernikako Metalway jaialdian eman zutena, Saxon bezalako talde ezagunekin.

Diska hau izango zen GOR diskoetxearekin argiratuko zuten azkena.

2006ko apirilaren hasieran Jainko Hilen Uhartean izeneko zortzigarren estudioko lana atera zuten. Aldaketa nabarmena da oraindik aurrera diskoetxe propioa sortuko dutela, soilik beraien lanak argitaratzeko. Beraz diska “Jo Ta Ke Ekoizpenak” izeneko diskoetxe berri batekin editatuta dago.

Horrez gain, Juanma Bajo Ulloa zine zuzendari famatuarekin “Itxaropen Hitza” abestiaren inguruko bideoklip-a grabatu eta diskoan sartu zuten. Klip honek sari dexente jaso ditu. Diska honek 11 kanta ditu, non Heavy klasikoa, thrash metal-a eta batzuetan Nu Metal kutsu bat bi abestietan tartekatzen dituzten. Azken lan honetan aspaldiko disketako (“Homo_sapiens?” esate baterako) baladen doinu akustikoa berreskuratzen dute bi kantuetan.

“Jainko hilen uhartean” leku askotan aurkeztuko dute, aspaldiko partez Inglaterrara ere joan ziren. Oraindik taldearen kontrako kanpainia politikoak jarraitzen du, Madrileko kontzertu bat bertan behera utziz.

2007ko apirilean “Su Ta Gar zuzenean More Volumen Tour” bideoa DVD formatuan berrrargitaratuko zuten, eta bira horretako argazki sorta gehi gaztelera, frantsesaz eta ingelesesz egindako azpitituluak sartuz edizio berrian.

Urte horren abenduan, Durangoko Azokari begira Une iraunkorrak DVD berria aterako dute. Han “Jainko Hilen Uhartean” birako hiru kontzertuen irudiekin osatutako 75 minutuko kontzertu bat bira, estudioko, zein azken bideoklip-aren grabaketako irudiekin osatuta dago.

Su Ta Garrek 2007an 20 urte bete zituen musika munduan eta horrela ospatu zuten. 2008 urtearen hasieran taldea sortu zenetik izandako baxu-jotzaile, Asier Osorok, taldea utzi eta Drindots erromeria taldean aritutako Igor Oiarbidek hartuko du bere lekua. Horrela Durangoko “Plateruena” antzokian grabaturiko Su Ta Gar 20urte zuzeneko diska bikoitza kaleratu zuten.

2012an, hainbat baxujole ezberdinen aldaketekin estudioko 9.lana kaleratu zuten Ametsak Pilatzen izenburupean. Diska hau “Hortzak Estuturik” diskaren girorantz jota hasierako prologo instrumental batekin hasten da lehen kantua, doinu gogor eta melodikoak falta ezin direlarik.

Gaur egun Euskal musikarentzat talde klasiko eta eredugarri bihurtu da Su Ta Gar. Euskaraz egindako rock gogorra eta Heavy Metal-ren aitzindariak dira. Beraien pausoei jarraituz Latzen, Berri Txarrak, Eraso edota Idi Bihotz bezalako taldeak sortu dira. Indar handiko taldea da urteetan ibilbide luze eta zabala duelarik. Aitor Gorosabel, talde burua, abestiak egin, ahotsa jarri eta solo etaz ere arduratzen da.

INFORMAZIOA:

Eibar (Gipuzkoa)

  • Aitor Gorosabel: Ahotsa eta gitarra bakarlaria/li>
  • Igor Diez: Baxua eta ahotsak
  • Xabier Bastida: gitarra erritmikoa/li>
  • Galder Arrillaga:Bateria

DISKAK:

  • JAIOTZE BASATIA (1991)
  • HORTZAK ESTUTURIK (1992)
  • MUNSTRO HILAK (1993)
  • SENTIMENAK JARRAITUZ (1995)
  • AGUR JAUNA GIZON TXURIARI (1997)
  • HOMO SAPIENS? (1999)
  • SU TA GAR 1987-89 (1999)
  • JO TA KE (Zuzenekoa) (2001)
  • ITSASOZ BETERIKO MUGETAN (2003)
  • JAINKO HILAREN UHARTEAN (2006)
  • AMETSAK PILATZEN (2011)
  • BIZIRIK GAUDE (2013)
  • MAITASUNARI PASIOA (2016)

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *