ITZIARREN SEMEAK

Itziarren semeak, Mungiako Ska, punk eta reggae banda bat da. RRVren semeak direla ozen aldarrikatu dute. Ezin izan zuten lehen lerroan egon 80.hamarkadan, baina beti eraman dute munduari begiratzeko modu hori bihotzean. Iturri hartatik edanda, euren bidea egin nahi dute sinesten dituzten ideiak jai giroan aldarrikatuz.

BIOGRAFIA - GEHIAGO IKUSI

Taldearen izena, Euskal Herriko kultura musikala ulertzeko ezinbestekoak diren Pantxoa eta Peio bikotearen “Itziarren semea” kantutik hartu zuten. Torturaren kontrako aldarrikapen horrek erakusten du, taldearen filosofia boteretsuen kontra eta zapaldutakoen alde abestea dela.

2006an batu ziren lehen aldiz Mungiako lokaletan. Lehen kontzertua 2007ko apirilean eman zuten Mungiako Gazte Asanbladaren eskutik eta uda horretan hainbat kontzertu eskaini zituzten eskualdeko herriko jai ezberdinetan. Hasierako taldekide berdinek jarraitzen dute (Ibon, Manex eta Jebi). Kue lehen bateriajoleak 2008an utzi zuen taldea eta 2008tik 2013ra Unai Bergarak astindu ditu danborrak. Asier taldeko lehen tronpetajoleak 2013ra amaieran utzi zuen taldea eta 2014 bukaeran Irkus saxoak.

Taldekide berriak gehitu dira ska punk bandara. 2014tik Alain Egigurenek jotzen du bateria eta haizeetan Elgoibartik iritsitako Ibanekin batera, Patxi eta Mizelen (Xutik) laguntza izan dute taula gainean zein azken diskoaren grabaketan.

2008ko ekainean lehen diskoa grabatu zuten Ondarroako Santos Records-en. Hamar kantu propio izan ziren. 2010eko otsailean “Bizkaiko Golfoak” diskoa grabatu zuten Andoaingo Garate estudioetan, Kaki eta Martxel Arkarazo aritu zirelarik teknikari lanetan. Disko honi esker 50 kontzertu baino gehiago emateko aukera izan zuten eta 2011ko martxoa eta apirila artean “Lehen lerroan” izeneko diskoaren grabaketa etorri zen, berriro ere Andoaingo Garate estudioetan Kaki Arkarazaroren gidaritzapean. 2012 hasieran EP berri bat kaleratu zuten “Basque of Brixton” izenburupean eta urte bukaeran, Durangoko azokan, “Dale Candela” lan luzea aurkeztu zuten.

Urte bukaeran Kuban zehar zazpi kontzertuko bira bat burutu zuten eta Irlandan eta Bartzelonan ere izan ziren 2013an. Abenduan bukatu zen Dale Candela Tour, 60 bat kontzertu eskaini ondoren eta amaiera emateko Bilboko Aste Nagusian zuzenean grabaturiko Bizkaiko Golfoak kantaren bideoklipa aurkeztu zuten.

2014an RETOUR bira abiatu zuten otsailean Kalera rock jaialdian. 25 kontzertutik gora eskaini dituzte 2014an zehar Ibilaldia eta Herri Urrats bezalako jaialdietan parte hartuz. Andaluzia eta Madrilen ere izan ziren taldea ezagutarazten.

Aldi berean, Revolta diskoa prestatu zuten urte guztian zehar Kaki Arkarazorekin batera. Urri bukaeran aurkeztu ondoren, azaroan Argentina eta Chilen izan ziren Sudaska festibalean parte hartzeko gonbitea jaso ostean. 2015ean etxean aurkeztuko dute Revolta diskoa izen bereko birarekin. Dagoeneko 350 zuzeneko emanaldi baino gehiago eskaini dituzte beren ibilbidean zehar.

INFORMAZIOA:

itziarrensemeak.com

Mungia (Bizkaia)
  • Jebi Job
  • Iraitz
  • Manex
  • Saul
  • Ibon
  • Kue
  • Irkus
  • Asier

DISKAK:

  • ITZIARREN SEMEAK (2008)
  • BIZKAIKO GOLFOAK (2010)
  • LEHEN LERROAN (2011)
  • BASQUE OF BRIXTON (2012)
  • DALE CANDELA (2012)
  • REVOLTA (2014)

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *