GOZATEGI

Gozategi euskal herriko musika talde bat da, 1990eko hamarkadan trikiti doinuekin Euskal Herrian arrakasta handia lortu zuena. Taldea Asier Gozategi eta Ainhoa Gozategi anai-arrebek eta beste hainbat pertsonek osatzen dute.

BIOGRAFIA - GEHIAGO IKUSI

Trikitian ezohikoa zen formatu bat ekarri zuen taldeak: hirukotea. Soinu eta pandero jotzaileez osaturiko bikote tradizionalari beste kide bat gehitu zioten: baxu eta txarango jotzailea. Asier (trikitia eta ahotsa, Ainhoa (panderoa eta ahotsa) eta Iñigo Goikoetxea (baxua, txarangoa) 1991ean hasi ziren erromeriak eskaintzen, Gozategi Anai-arrebak izenarekin. Geroago, Gozategi bihurtu ziren.

Trikitilari belaunaldi berriaren ordezkaritzat aurkeztu zituen Elkar disketxeak, Gozategiren lehen diskoa plazaratzean: Gozategi (1995). Hirukotearen musikaren gaztetasuna, freskotasuna, bizitasuna eta kolorea nabarmendu zituen, eta «adin guztietako entzule gazteentzat» zela gaineratu zuen. Ordurako ezaguna zen Gozategiren izena, maketan grabatutako kantu batek, Manolo Escobar kantari espainiarraren abesti batean oinarrituriko Nor-nori-nork izenekoak, sekulako oihartzuna izan zuelako. Maketaren 2.000 ale saldu zituen taldeak.

Arin-arin, fandango eta porrusaldez gain, tex-mex, cumbia eta maitasunezko baladak sartu zituen Gozategik estreinako lan gustagarri hartan. Trikitia pop-rock musikaren mundura eramateko ahaleginaren seinale, Fran Iturbe gitarrista (Jotakie, Bide Ertzean) arduratu zen ekoizpena zaintzeaz, eta rock formatuko talde batekin grabatu zen diskoa (bateria, baxua eta gitarra). Diskoaren azal koloretsuak ere trikitiaren aro berri bat iragarri nahi zuen. Diskoak sekulako oihartzuna izan zuen, 17.000 ale saldu ziren, eta bigarren diskoari begira presio handia ekarri zion taldeari.

Hala ere, Gozategiren unerik gorena, arrakastari dagokionez, Ainhoa (Elkar, 1996) bigarren diskoarekin heldu zen, eta, zehazki, Nirekin kantuarekin.

Kalanbreak hirugarren diskoan (Elkar, 1998), bere musikari ukitu modernoagoa eman nahi izan zion taldeak, eta Javi Pez musikari eta disko jartzaile donostiarrarengana jo zuen, abestiak dantzarako programazioekin jantz zitzan.

Bost urtean laugarren diskoa kaleratu zuten, Egunon (Elkar, 2000). Izenburuarekin mezu baikorra zabaldu nahi zuen taldeak, baina kantuen hitzetan eduki sozial eta politikoak pisu handia hartu zuen, bai eta maitasunak ere. Gozategiren diskorik pertsonalena zela azaldu zuten taldekideek aurkezpenean. Hari moldaketak sartu zituzten, eta ekoizpenaz Dominic Earl gitarrista (Niko Etxart) eta Jean Phocas arduratu ziren, Fran Iturberen ordez. Bost urte lehenago hasitako triki-poparen sukarra epeltzen ari zen, eta Gozategik ere nabaritu zuen makalaldia, bai diskoen salmentan, bai emanaldien kopuruan. Ondorioz, atsedenaldi luze bat hartu zuen hurrengo diskoa kaleratu aurretik, eta musikatik aparteko lanbideetan hasi ziren taldekideak. Musika egiteari ez zioten utzi, ordea, ezta zuzenean jotzeari ere. Tarte horretan, Zarautzen eta Orion 2004. urtean egindako Kilometroak jaiaren aldeko kantua sortu zuten, Andoni Egaña eta Iñaki Gurrutxaga bertsolarien hitzen gainean, baina Gozategiren hurrengo diskoa ezagutu arte sei urte igaro ziren.

Elkar utzi, eta Babelmusik diskoetxe sortu berriarekin argitaratu zuten Goztg.kom (2006). Denbora asko pasa arren, estilo arrakastatsuari eutsi zion taldeak: abesti dantzagarriak eta hitz zuzenak. Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, Batasunaren ilegalizazioa, 2004ko martxoaren 11ko atentatuen ostean Espainiako Gobernuan gertatutako aldaketa, etorkinen tragedia eta halakoak hizpide hartu zituen Gozategik orain arte azkena duen lan horretan.

INFORMAZIOA:

Euskal Herria

  • Asier Gozategi (trikitia eta ahotsa)
  • Ainhoa Gozategi (panderoa eta ahotsa)
  • Iñigo Goikoetxea (baxua eta txarangoa)

DISKAK:

  • GOZATEGI (1995)
  • TRIKI 1 (1995)
  • AINHOA (1996)
  • AISTERRAZU DA PLAZA (1997)
  • KALANBREAK (1998)
  • ROCKIN’ TRIKITIXA (1998)
  • EGUNON (2000)
  • GOZTG.KOM (2006)
  • ALL STARS 1992-2012 (2012)

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *