GATIBU

Gatibu Bizkaiko Gernika-Lumo herrian 2002an sortutako euskal rock taldea da eta laukote bezala egin du gaur arte argitaratutako bost disko eta zuzeneko bat.

BIOGRAFIA - GEHIAGO IKUSI

Bere lehendabiziko abestietatik argi eta garbi antzeman daiteke taldea euskal kulturako lerro musikal hedatuenetarikoa izateko jaioa izan dela. Hamarkada pasatxo bateko bizitzan bere lanen joera soinu naturalago, gozoago eta irekiago baten bilaketan bideratu duela azpimarra daiteke, estudioko emaitzak nabarmenki hobetuz eta edozein jarrera abangoardistetatik urruti mantenduz.

Bere musika-estiloa bizkaitar euskalkian abesturiko rock koloretsua da oinarrian, melodiaz betea eta bizia. Konplexu artistikoetatik ihesi egindako musika zabala, rock-aren indarra pop-aren doinuarekin bustiz sortzen dena gehi adiskidetasuna eta emozio edo gogo-aldarteak ardatz dituen egunerokotasun gaiei buruz idatzirik dagoena. Baina enborra rock-a eta pop-a izan arren, hortik irteten diren adarrek ematen dituzten hostoak ere ureztatzen ditu; folk, country eta disko/funky erritmo dantzagarridun batzuk ere modu natural osoz atxikitzen dira errepertorio guztian zehar. Musikari leihoak zabaltzen dizkion estiloa uztartzen du, taldea momentu oro haize berriz kutsatu dezan.

Hamabi urte hauetan ehundaka kontzertu eman izan ditu taldeak Euskal Herriko zazpi kantoietan zehar, aretoak eta plazak leporaino beteaz. 2006an Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen edizioan presente egon zen, besteak beste, Ben Harper & The Innocent Criminals, The Cult, The Cardigans eta Lori Meyers bezalako taldeentzat atariko lanak eginez. 2014an adibidez EHZ jaialdian Ska-P eta Pendulum talde entzutetsuekin agertokia partekatzeko beta izan zuen. Espainia aldetik Madril, Bartzelona, Valentzia, Ourense eta Xixón bezalako hirietara eginak ditu irteera bakan batzuk, hala nola, London, Belfast, Cork eta Londonderry hirietara atzerriko ateraldiak kontutan izaten baditugu.

Gatiburekin kolaboratu duten musikari bertutetsuenen artean «Robe» Iniesta (Extremoduro), «Fito» Cabrales (Platero y Tú, Fito & Fitipaldis), Iñaki «Uoho» Anton (Platero y Tú, Extremoduro), Luis Camino (21 Japonesas, Mecano, Abya Yala) eta José Alberto Batiz (Akelarre, Tapia eta Leturia Band, Fito & Fitipaldis) aipatu genitzake, denak sobera ezagunak Euskal Herriko eta Espainiako musika esparruan egindako ekarpenengatik.

EITB Euskal Irrati Telebistak hirutan saritu du taldearen egite ona: 2003an kantu onenaren Gaztea saria emanez eta 2009an kantu eta disko onenaren Gaztea sari bikoitzarekin golardatuz. Bestalde, gutxiago ez den This Is Rock aldizkari espezializatuak bere 105. alean aipamen berezia egin zion «Zazpi Kantoietan» diskoari.

INFORMAZIOA:

www.gatibu.net

 

Gernika (Bizkaia)

  • Alex Sardui
  • Haimar Arejita
  • Mikel Caballero
  • Gaizka Salazar

DISKAK:

  • ZORAMENA (2002)
  • DISKO INFERNU (2005)
  • LAINO GUZTIEN AZPITIK, SASI GUZTIEN GAINETIK (2008)
  • ZUZENEAN BIZITZEKO GOGOA (2010)
  • ZAZPI KANTOIETAN (2012)
  • EURITAN DANTZAN (2014)
  • ASKE MAITTE, ASKE BIZI (2016)

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *